18:00etan Irunen eta 19:00etan Hondarribian. Hondarribia Arraun Elkartearen hamaikagarren Kontxako Banderari gaur egingo diote harrera Bidasoan, handiki ospatuko dute arraunlarien balentria. Helmugara hirugarren iritsi ziren berdeak atzo, Urdaibairen eta Orioren atzetik. Baina aurreko igandeko denborengatik, eta Urdaibairen abordatzeagatik, banderarik preziatuena jada Hondarribian dago. Izan ere, ziabogaren ondoren, bueltako luzean, bizkaitarrak Hondarribiaren kalean sartu ziren, eta itsasoko nahiz lurreko epaileek estropada ontzat eman arren, Hondarribiak helegitea aurkeztu eta onartu zuten. Horregatik estropadatik kanpora utzi zuten Urdaibai, eta Hondarribiarentzako izan zen garaipena eta ohorea. Atzoko festak gaur izango du segida.